
Kultur Etxeko lanak egin bitartean liburutegia apaiz-etxean jarriko dute
Idiazabal Kultur etxean aritzen ziren gainerako taldeek eta eragileek ere behin-behineko egoitzak izango dituzte orain.
estitxu imaz
Idiazabalgo kultur etxea dagoen eraikuntza berritzen irailean hasiko dira. Behin lanak bukatutakoan udaletxe berria eta liburutegia kokatuko dituzte bertan. Lanak egiteaz Sukia eraikuntza enpresa arduratuko da. Obra horiek direla eta, egun kultur etxean dagoen liburutegia apaiz-etxean kokatuko dute. Liburuak kontsultatu, irakurri edo etxera eraman nahi dituztenek apaiz-etxera joan beharko dute, gutxienez bi urtean, lanak bukatzeko epe hori beharko dela aurreikusi baitute. Bide batez, kultur etxean ziharduten gainerako taldeek eta eragileek ere behin-behineko egoitzak izango dituzte aurrerantzean, askok apaiz-etxean bertan.
Iñaki Alberdi Kultura zinegotziak adierazi duenez hasieratik zuten liburutegia apaiz-etxean kokatzeko nahia. Asmo horrekin bildu ziren Eliz Barrutiko Juntakideekin. «Eurek oso jarrera ona agertu zuten eta bertako gelak elkarte gehiagok ere erabil ditzaketela aipatu ziguten», dio Alberdik.
Apaiz-etxean Eliz Barrutiko Juntak bilerak egiteko gela bat erabiltzen du, apaizak beste bat lanerako, eta otoitzerako gela bat ere badute. Laugarren gela batean kanpotik ingeleseko eskolak ematera etortzen dira.
Alberdiren arabera Eliz Barrutiko Juntak lau gela horiek kenduta besteak, guztira 6 gela, Udalaren zerbitzura jarri zituen.
Hori jakin ondoren Kultura Batzordean sei gela horiek erabili ahal izateko planteamendua zehazten aritu ziren. Dagoeneko eginda dago banaketa.
Apaiz-etxeko gela handienean, bigarren solairuan, liburutegia kokatuko dute. Beheko gela batean musika eskolaren gela ipiniko dute. Herriko txistulariek eta Ordiziako Musika Eskolakoek erabiliko dute, ordutegi desberdinean. Hirugarren solairuan musika eskolakoek beste gela bat erabiliko dute, Xakekoekin batera.
Hirugarren solairuan joango da eskulanetarako gela ere. Guraso Elkartekoek ere eskatu dute gela bat arropak eta beste zenbait traste gordetzeko, eta erabilera hori emango zaio apaiz-etxeko beste gela bati. Bide batez dantza taldearen arropak ere bertan gordeko dituzte.
Apaiz-etxetik aparte beste zenbait talderentzat lokalak ere zehaztu dituzte. Egun udaletxe gainean udalaren jabetzakoa den gela bat erabiltzen dute eskulanak egiteko. Eskulanetarako gela apaiz-etxean joango denez, gela hori ludoteka gisa erabiliko dute. «Zorua egurrezkoa du areto horrek, goxoa beraz, eta egokia iruditu zitzaigun haurrentzako», adierazi du kultura zinegotziak.
Illati euskara elkartekoek Pilar Enean dagoen eta garai batean futbitokoek erabiltzen zuten gelatxo bat erabiliko dute.
Herri kirol taldekoek duela gutxi Kale Nagusian eraiki berri dituzten etxebizitza tasatuen azpian dagoen aretoa erabiliko dute entrenatzeko eta euren materiala gordetzeko. Egun Herri Kirol Taldeak erabiltzen duen aretoan danborradako danborrak eta materialak sartuko dituzte.
Artzai Gaztaren areto zaharrean gaztetxea jarriko dute, eta Kasongo Lundakoek bilerak egiteko herriko elkarteren bat erabiltzeko asmoa agertu dute. Bilketa egiten dutenean gauzak apaiz-etxeko garajean sartuko dituzte.
Kultur eragileekin bilera
Iñaki Alberdi zinegotziak azaldu duenez Kultura Batzordeak eragile guztiak elkartu eta bilera egin nahi du. Zer nolako kultur etxea behar den eta nahi den aztertzea litzateke asmoa.
Bileraren ondoren ondorioak atera eta orduan aztertu beharko litzateke kultur etxea non egin edo egokitu. Horretarako dauden baliabideak ere kontuan hartu beharko dituzte.
Musika
Triki-afaria
LAZKAO, Maizpideko jangelan - 2008-08-28
© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta: goierri@goierrikohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.