
2008-05-23 | 15:23:43
Ampok Mondragon Taldea utzi egingo du, langileen batzar nagusian hala erabakita
Kooperatiba elkargotik irtetearen alde 295 langilek bozkatu dute, kontra 53k eta zurian 27k
Idiazabalgo Ampo-Poyam kooperatibak Mondragon Taldea utziko du. Hala erabaki dute gaur (ostirala) goizean Azkoitian burutu duten urteko batzar nagusian. Langileen %90ek parte hartu dute bozketan. 295ek irtetearen alde, 53k kontra eta 27k zurian bozkatu dute. Goierriko kooperatiba horrek Mondragon Taldearekin –orain arte MCC izenekoa– utzi du automatikoki, nahiz eta prozedura juridiko-teknikoa egin beharko duten orain. Ampo-Poyam kooperatibak eskualdean duen "konpromisoa" indartu nahi du.
2008-04-26 | 11:31:26
Bi kamioik istripua izan dute Idiazabalen
Ez da zauriturik izan
Gaur goizeko 09:10a inguruan bi kamioik istripua izan dute Idiazabalgo udal barrutian. N-1 errepidean, Gasteizerako norantzan. Etxegarateko gainera iristeko gutxiren faltan, elkar jo dute bi ibilgailu astunek. Zauriturik ez da izan. Bi trailerretako batek arazorik gabe jarraitu ahal izan du martxan, eta bestea garabiarekin erretiratu dute 11:00ak inguruan. Ertzaintzako iturrien arabera ez da trafiko erretentzio handirik sortu, une oro errei bat irekita egon delako.
2008-04-23 | 18:23:15
IX. Mami Txapelketa antolatu dute maiatzaren 2rako
Idiazabaldar guztiei dago irekita txapelketa eta parte hartu nahi duenak azken eguna du izena emateko
Maiatzaren 4an Gazta Eguna ospatuko dute Idiazabalen eta horren harira ohikoa den bezala mami txapelketa antolatu dute. Aurtengoa egiten duten 9. aldia da. Txapelketa idiazabaldar guztiei dago irekita. Mamia egiteko erabilitako esneak ardi latxarena izan beharko du eta azukre edo beste gehigarririk ez da onartuko. Bakoitzak bere etxean egingo du mamia bi ontzitan eta maiatzak 2an, ostiralean, arratsaldeko seietarako Jubilatuen Elkartera eraman beharko du. Esnea eta gatzagia partehartzailearen kontura izango dira. Bestalde ontziak udaletxean jasoko dira doan, izena emateko garaian. Mamien dastaketa Jubilatuen Elkartean egingo dute epaimahaiko kideek eta euren iritzia onartu beharko dute parte hartzaileek. Mami txapelketara aurkeztu nahi duenak maiatzaren 25erako,ostiralerako izena eman beharko du.
2008-04-17 | 12:27:38
N-1 errepidea erabat itxita geratu da Etxegaraten
Bi noranzkoetako trafikoa geldituta egon da eguerditik aurrera, kamioi batek istripua izan ondorenetik
Bi kamioik oso antzeko istripuak izan dituzte gaur eguerdian Etxegaraten, ordubeteko tartea eta bata bestetik oso gertu. Zirkulazioan ondorioak, ordea, bigarren istripuak larriagoak utzi ditu lehenengoak baino. Zauriturik ez da izan. 12:00etan kamioi batek guraizearena egin du Etxegarate gainean (Idiazabal), eta N-1 errepideko zirkulazioa erabat etenda geratu da bi noranzkoetan. Aurretik, 11:00etan beste kamioi bat ere gurutzatuta geratu da kaminoan, irristatuta. Hala ere, ez du hark eragozpen larririk eragin, errei bakarra oztopatu baitu.
2008-03-05 | 16:01:02
Auzolanean egingo dute erreka-garbitzea larunbat honetan Idiazabalen
Agenda 21, udala, gaztetxea eta herri eskola dira ekimen hau lehen aldiz antolatzea bultzatu dutenak.
Larunbat honetan goizeko 11etan auzolanean egingo dute Idiazabalgo Urtsuaran erreka-garbitzea. San Blas ondorenetik hondakin ugari dagoela bertan pilatuta jakinarazi dute antolatzaileek eta hori dela eta, errekatik ateratako hondakinekin asteburuan, plazan bertan «erakusketa» jartzeko asmoa agertu dute, «guztiok jabetu gaitezen errekara zer botatzen dugun».
2008-02-02 | 20:34:36
Hotzaren gainetik, giro beroa Idiazabalgo jaietan
Txirrindulari proba eta paella erraldoia izan dituzte eguerdian
Goiz partean giroak ez zuela lagunduko bazirudien ere, festa giroa nagusitu da azkenean Idiazabalen. Goizean zehar, txirrindulari proba jendetsua egin dute, eta eguerdian, 1.200 lagunentzako paella erraldoia. Jendetza bildu da plaza inguruan. Arratsaldean, goitibehera txapelketa eta pilota partidak izan dira. Azken honetan, 22-21 nagusitu zaizkio Barriola eta Gonzalez, Begino eta Kokak osaturiko bikoteari.
2008-01-28 | 18:46:05
Kamel Ziani nagusi inoizko Herri Kros jendetsuenean
Marka guztiak hautsiz, 624 lagunek parte hartu dute proban
Idiazabalgo Herri Krosak inoizko parte-hartzerik handiena izan zuen atzo, guztira, 624 lagun atera baitziren korrika. Gizonezkoetan Kamel Ziani zen lasterketa irabazteko faboritoa, eta oriotarrak ez zuen hutsik egin. Emakumezkoetan berriz, Nerea Etxeberria azpeitiarra izan zen azkarrena. Goierritarrei dagokionean, Migel Angel Encina legazpiarra eta Naroa Arrieta lazkaotarra izan ziren onenak. Biek, goierritar onenaren Hitza saria jaso zuten.
2007-12-08 | 18:53:54
Giro ona eta partehartze handia Gaztetxearen urtemugako ekitaldietan
Konstituzioaren kontrako bertso saioa eta Tapia eta Leturiaren kontzertua izan dira ekitaldirik jendetsuenak
Idiazabalgo Gaztetxearen aldeko ekitaldietan giro ona izan da nagusi. Ostiralean, jende ugari bildu zen Konstituzioaren aurkako bertso saioan. Iker Zubeldiak, Peñagarikanok eta Sustrai Colinak saio ederra osatu zuten. Ondoren, Tapia eta Leturiak dantzan jarri zituzten herriko gazteak. Karpan jende asko bildu zen, eta festa giroa izan zen nagusi. Gaur gauean bukatuko dute Gaztetxearen aldeko festa Idiazabalen. Gazte afaria eta rock kontzertuak izango dira. 23:00etatik aurrera, Bartolo ta Kitto, Pikutara eta Txapelpunk taldeek joko dute.
Musika
B.B.S.K taldearen eskutik
LEGAZPI, Euskal Herria plazan - 2008-07-20
Festak
---
ORDIZIA, Ordizia - 2008-07-20
© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta: goierri@goierrikohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.